XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

75.000 tona lindano hondakin kaltegarri daude egun EAEn

HCH Izurrilkarien Nazioarteko III. Foruma atzo hasi zen Bizkaian

Azken urteotan EAEko 35 gunetan, 75.000 tona HCH izurrilkari isuri dituzte legez kanpo.

Hondakin hauek tratatzeko behin-betiko teknikarik asmatu ez den arren, segurtasunezko bi gordailu eraikiko dituzte Nerbioiko ibarretan.

Arazoari irtenbidea emateko 13.500 milioi pezeta (560 milioi libera) beharko ditu EAEko Gobernuak.

Polonia, Alemania, Holanda, Britainia Handia, Errusia, Moldavia, Bielorrusia, Lituania, Frantzia, Espainia, Norvegia, Hungaria eta Euskal Herriko ordezkariak parte hartzen ari dira, atzo eta gaur, HCH-Lindanoari Buruzko Nazioarteko III. Forumean.

Izurrilkarien isurketek ingurugiroari eragindako kalteak eta hauen hondakinak desagertarazteko teknikak aztertzen ari dira teknikari eta zientzilari hauek Butrongo gazteluan (Bizkaia).

Jose Antonio Maturana Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxegintza eta Ingurugiro sailburuak, eta Raul Fernandez Ingurugiro Kudeaketa Elkarte Publikoko (IHOBE) zuzendariak ingurugiroaren arazo nagusienetariko honi buruz eta Euskal Autonomi Elkarteko egoerari buruz hitz egin zuten atzo emandako prentsaurrekoan.

Egun lindano izurrilkariaren ekoizpena debekatuta dagoen arren, aurreko urteotan, ingurugiroa zaintzeko presiorik ez zegoela eta, onartuta zegoen Europan.

Horretan aritu ziren enpresak, hondakinen (HCH) tratamenduari buruz araudia jaso zutenean desagertu ziren.

Izan ere, lindano kilo bat ekoizteko bederatzi kilo hondakin sortzen dira eta hauek tratatzen oso garestia gertatzen zen.

Hau dela eta, Hirugarren Mundura Brasil, India eta Nigeriara besteak beste eraman zituzten enpresa hauek.

EAEri dagokionez, bi enpresek 75.000 tona HCH hondakinak sortu zituzten hainbat hamarkadatan, eta 35 gunetan Nerbioiko ibarretan (Bizkaia) eta zerbait Gipuzkoan isuri zituzten.

IHOBE elkarte publikoak ezkutuko isurketak bilatzen hasi eta Bilbao Chemicals-en gordetzen hasi zen.

Hala ere, euria eta eraikuntza lanak direla eta hondakinak zabaldu egin dira.

Tratatzeko zailtasun hauek eta hondakinak behin-betiko desagertarazteko teknikaren ezean, EAEk 13.500 milioi gastatu beharko ditu.

Epe motzerako irtenbide gisa, araketa eta metaketa aukeratu dute eta jadanik bi gordegailu eraikitzeko proiektuak martxan daude.

Egun, hondakinak desagertarazteko erarik eragingarriena errausketa litzateke; hala ere, oso garestia da eta oraindik zehaztu gabeko arazo ekologikoak sor daitezke.

Beraz, administrazioek ezin dute horrelako tratamendua industrializatu.